Skip to main content

Ezagutzera eman dituzte EHZ festibalean izango diren musika talde eta hitzaldiak

Gizartea

Maite de Felipe eta Mikel Lopez de Ciordia

2026, Maiatza 07 - 11:05

Euskal Herria Zuzenean festibalaren 30. edizioa ekainaren 26an, 27an eta 28an ospatuko dute Nafarroa Beherean, Arberatzen. Jada ezagutzera eman dituzte festibalean parte hartuko duten musika talde guztiak, ikusgarriak eta hitzaldiak.

Ostiralean, beste batzuren artean, Ixabe, Tekmao, Xak eta Niko Etxart eta Hapa Hapa batu dira kartelera. Larunbatean, berriz, Anestesia, Bele, Bide Bakarra eta Merina Gris taldeak igoko dira oholtzara. Amaitzeko, igandean Skabidean, Olaya Sound System, Marabiyak eta beste hainbat artistak emango diote itxiera festibalari.

Bestalde, antolatzaileek hitzaldien gai nagusiak ere zabaldu dituzte; besteak beste, eskuin muturraren estrategia komunikatiboak eta gerra kulturala, haur transgeneroen trantsizioa, lodifobia eta euskarak pantailetan duen lekua bezalako gaiak landuko dituzte.

Etxeko txikienek ere euren txokoak izango dituzte larunbatean eta igandean. Bertan, puzgarriak, jokoak eta beste hainbat animazio izango dira.

Amaitzeko, festibaleko antolatzaileek ekainaren 17tik aurrera Arberatzen egunero egingo duten muntaketan parte hartzeko deia egin dute. Izan ere, hiru eguneko festibal hau aurrera atera ahal izateko 600 laguntzaile baino gehiago behar izaten dituzte. Horregatik, dagoeneko ireki dute izena emateko formularioa EHZren webgunean.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista