Skip to main content
1200x90 Zama Doinuz Arindu

12 urtetik beherakoentzat garraio publikoa doan izango da Araban

Gizartea

2025, urt. 07 - 12:01

Arabako garraio publikoa doan izango da 12 urtetik beherakoentzat. 22.000 haur arabarrek ez dute ordaindu beharko tranbian, Alavabus zerbitzuko autobusetan eta eskualdeko garraiobideetan ibiltzeko. Gasteizko autobusetan dagoeneko doan bidaiatzen dute. Euskotrenek, Gasteizko tranbia kudeatzen duen konpainiak, azaldu duenez, 12 urtetik beherakoek ez dute txartelik beharko doan bidaiatzeko, baina edozein tranbia agentek hala eskatuz gero, adina frogatu beharko dute.

Otsailetik aurrera berriz, BAT txartel pertsonalizatua baliozkotu beharko dute joan-etorri bakoitza hasi aurretik, gainerako bidaiariek bezala. Neurri hau Euskadiko Garraio Agintaritzak hartu zuen abenduaren 23an, honekin batera, garraio publikoan %50eko deskontuak mantentzea ere erabaki zuten.

Bizkaian eta Gipuzkoan berriz, 12 urtetik beherakoek otsailera arte ezin izango dute doan bidaiatu. Hain zuzen, Bizkaiko Garraio Partzuergoak hartzen dituen erabaki guztiak 30 egunez jendaurrean jarri behar dira herritarrek alegazioak aurkezteko aukera izan dezaten. Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak, bere aldetik, %50eko deskontuak ekainera arte mantenduko ditu. Haurrek nahitaez Mugi gazte txartela izan beharko dute neurri hauez gozatzeko. Hasiera batean, txartela gidariari erakutsi beharko diote baina pixkanaka autobusak eta trenak egokitzen joango dira doakotasuna automatikoki aplikatu ahal izateko.

Hamaika Telebista