Gasteizen etxegabeentzako baliabide gehiago jartzeko eskatu dute
Gizartea
Inor Ez Etxerik Gabe plataformak bazterkeria egoeran dauden pertsonei arreta emateko baliabideak eskatu dizkio udalari astelehenean udaletxe aurrean egindako agerraldian. Izan ere, salatu dutenez gauero Gasteizen 200 pertsona inguruk egiten dute lo kalean eta gutxienez 65 lagun daude harrera zentroetan sartzeko zain. Gasteizko Udalak 107 pertsona zenbatu ditu kalean lotan. Hala ere, plataformako ordezkariak ez datoz bat neurketa horrekin, euren ustez gehiago dira eta udalak eta Arabako Foru Aldundiak egoera konpontzeko ez dutela ezer egiten adierazi dute.
Bada, egoera honen aurrean, Gizarte Politiketako zinegotzi den Lucho Royerok jakinarazi du, udalak dituen baliabideak “mugatuak” direla eta ezinbestekoa dela Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak egoeraren erantzukizuna beren gain hartzea. Inor ez Etxerik Gabe plataformako kideak, berriro ere, ez datoz bat udalak esandakoarekin, adierazi dutenez, baliabideak ez dira mugatuak eta hauek egokitu behar direla pertsona guztiei erantzuna emateko. Era berean, kritika egin diete “erantzukizuna teilatu batetik bestera pasatzen” dutelako.
Plataformako kideek ohartarazi dutenez udalak 10 urte daramatza bazterkeria egoeran dauden pertsonei arreta emateko aitzakiak jartzen. Gogorazi dute, 2019an kanpaldia egin zutela etxebizitza eskubidearen alde eta gainera, mozio bat aurkeztu zutela etxegabetzeei zuzendutako baliabideak handitzeko eskatuz. Mozioaren aurka bozkatu zuten EAJk, PSEk eta PPk eta alde berriz, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek.
Plataformak berak sare sozialen bitartez duela pare bat aste Gasteizen bizi izandako egoera baten berri eman du. Kontatzen dutenaren arabera, bi gizonek, kalean lo egiten zuen pertsona bat bere tokitik bota zuten. Segituan, baranda bat kokatu zuten toki horretan bertan. Plataformako kideen ustez, baranda horren helburua beste inork han lo egitea baino ez da, izan ere, jakinarazi dutenez, urteetan hutsik egon den lonja baten aurrean ipini dute. Argi utzi dute, ez dela gertaera isolatu bat eta Udalak behingoz jarrera alda dezan lortu arte borrokan jarraitzeko prest daudela.