Skip to main content

Gasteizko jaiak: balantze positibo orokorra, baina sexu erasoek lausotuta

Gizartea

2024, abu. 12 - 12:08

Gasteizko jaiak amaituta, Udalak Andra Mari Zuriaren jaietako balantzea egin du. Kontzertu eta musika emanaldietan egon den partaidetza azpimarratu du Udalak, izan ere, 130.000 pertsona inguru izan dira hauez gozatu dutenak. Zeledonen jaitsieran eta igoeran 60.000 pertsona inguru hurbildu ziren Andra Mari Zuriaren plazara, Edurne eta Zeledon txikiren jaitsieran, berriz, 20.000. Foru plazen kontzertuen artean Zetak-en kontzertua izan zen arrakastatsuena, 11.000 lagun bilduz. Orokorrean, jaietako programazioaren aldetik, balantzea positiboa izan dela adierazi dute. Gasteizko alkateak, Maider Etxeberriak, adierazi duenez, balantze positibo hau soilik salatutako bi sexu erasoek lausotu dute. Udalak Berdintasun Zerbitzuak jarritako indarkeria matxista prebenitzeko informazio-gunearen garrantzia azpimarratu du. Izan ere, 4095 erabiltzaile izan dituela adierazi dute. Gasteizko Mugimendu Feministak, bere aldetik, jaietan emakume eta LGTBI pertsonen aurka eman diren hamaika eraso kasuak arbuiatu ditu. Erasoak identifikatu eta apurtzeko gizon zisheteroen arteko konplizitatea haustea beharrezkoa dela azpimarratu dute, jaietan gertatu diren bi sexu erasotzaileak biktimen ezagunak zirela argudiatuz. Erasoak ekiditeko helburuarekin, Gasteizko jai esparru eta tabernetan protokolo feministen lanketa beharrezkoa dela adierazi dute Gasteizko Mugimendu Feministatik.