Skip to main content

Gipuzkoan etxebizitza libreen alokairuen prezioak jaitsi dira

Gizartea

Leire Llano

2026, uzt. 27 - 15:07

Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako Sailburuak agerraldia egin du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako alokairuaren merkatuaren eta prezioen bilakaeraren balorazioa egiteko.

Azaldu duenez, 2025eko laugarren hiruhilekoan, Gipuzkoako etxebizitza libreen alokairuen batezbesteko prezioak behera egin du lehen aldiz tentsionatutako eremuetarako neurriak osorik aplikatu diren aldian. Jaitsierarik handienak Errenterian (%4,1), Donostian (%3,7), Irunen (%3) eta Lasarte-Orian (% 0,6) izan dira. Dena den, egoera ez da bera lurralde guztietan: Bizkaian % 2,1 igo dira prezioak, eta 2016tik lehen aldiz Gipuzkoa gainditu du. Araban, berriz, prezioak ia egonkor mantendu dira.

Hala ere, prezioen beherakadak ez du alokairuko etxebizitzen eskaintza murriztu. Kontrakoa, Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan inoizko alokairu kontratu aktibo gehien erregistratu da, 86.522 guztira. Horietatik 31.351 Gipuzkoan daude, eta aurreko hiruhilekoan baino %3,2 handiagoa da kopuru hori.

Itxasoren arabera, datuek “joera baikorra” erakusten dute, baina oraindik “goiz” da ondorio irmoak ateratzeko. Haren esanetan, prezioen bilakaera hurrengo hiruhilekoetan ere aztertu beharko da, egungo jaitsiera sendotzen den ala ez egiaztatzeko. Era berean, azpimarratu du etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko ezinbestekoa dela alokairu eskuragarriko etxebizitzen eskaintza handitzea. Horretarako, etxebizitza babestu gehiago eraikitzea, etxebizitza hutsak merkatura bideratzea eta erakundeen arteko lankidetza indartzea proposatu du.

Bestalde, LABek alegazioak aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzak Etxebideren araudia aldatzeko proposamenaren aurka. Proposamenak aurreikusten du sustapen bakoitzeko etxebizitzen %30 20.000 eta 46.000 euro arteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileentzat gordetzea. Sindikatuaren ustez, neurriak Etxebiden izena emanda dauden herritarren %70 baztertuko ditu, bereziki kolektibo zaurgarrienak, hala nola migratzaileak, familia guraso bakarrak eta lan prekarioa duten emakumeak. Era berean, salatu du Jaurlaritzak ez duela etxebizitzaren prezioak arautzeko eta merkatuan esku hartzeko neurri eraginkorrik hartzen, eta politika horiek klase ertainaren mesedetan egiten direla. Horregatik, araudi-aldaketa bertan behera uzteko eskatu du LABek, etxebizitza publikoaren banaketan justizia sozial handiagoa bermatzeko.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista