Skip to main content
1200x90 Zama Doinuz Arindu

Guztira 13.812 eguzki plaka eraikitzeko beste bi proiektu aurkeztu dira Araban

Gizartea

2024, abe. 17 - 12:12
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak argitaratu duenez, bi proiektu fotovoltaiko berri aurkeztu dira Araban eta aldez aurreko administrazio-baimenaren eskaera egin da. Ventaja Solar 8 S.L. enpresak 10.452 paneleko eta 4,6 megawatteko potentzia duen parke fotovoltaikoa eraiki nahi du Gasteizen. Bestalde, Bailen Energia konpainiak Oionen bi parke fotovoltaiko eraikitzeko asmoa du: 3.360 plaka eta 2 megawatteko potentziarekin guztira.
Gasteizen eraiki nahi duten parkeak, "Fragaria Solar" izenekoak, 3,7 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du plaka instalatzeko, honi lotutako beste azpiegitura batzuez gain. Aurrera jarraituz gero, plantak ia 5 hektareako azalera hartuko du. Oionen, dimentsio bereko bi parke sortzeko asmoa du Bailen Energia enpresak: bakoitza 1.680 modulukoa eta megawatt bateko potentziarekin. 3,14 hektareako azalera hartuko dute guztira bi parke hauek, eta 1,12 milioi euroko kostua izango du, BEZik gabe. Iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta 20 eguneko epea zabaltzen da interesdunek proiektuen dokumentazioa kontsultatu eta egoki iritzitako alegazioak aurkeztu ahal izateko.
Hamaika Telebista