‘Herrian Bizi’ plataformak “Denon eskubidea da etxebizitza” kanta sortu du
Gizartea
2023, ots. 21 - 04:02
Datorren apirilaren 1ean etxebizitza eskubidearen aldeko eguna egingo dute; horren harira, manifestazioa antolatu du plataformak Baionan. Etxebizitza eskubidea bermatzeko, lege, administrazioa eta zerga arloko neurriak hartzea nahi dute.
2021eko azaroan 8.000 lagun bildu ondotik, etxebizitza eskubidearen aldeko bigarren manifestazio hau “are masiboagoa” izatea nahi du 'Herrian Bizi' plataformak. Irantzu Doate bertsolari gazteak idatziriko letra oinarri hartuta, Arotza kanta herrikoiaren doinua moldatu dute Paxkal Irigoienek, Patxi Amuletek, Xabi Etxeberrik eta Xan Bidegainek. Eta ahotsa jarri diote Maialen Errotabeherek, Marilou Lapeyradek, Iurgi Ekizak, Nahia Zubeldiak eta Andoni Ollokiegik.