Hiesaren Nazioarteko Egunaren harira, hainbat datu plazaratu dira eta diagnostikatu gabe dauden GIB kasuez ohartarazi dute
Gizartea
Hiesaren Nazioarteko Eguna da asteazken honetan, horren harira, diagnostikatu gabeko GIB kasuen inguruan ohartarazi dute ECDCk eta OMEk, azken aldian “ugaritzen” ari direlako. Dena den, 80ko hamarkadako datuak oso urrun geratzen dira, prebentzioan, diagnosian eta tratamenduan hobekuntzak egon direlako.
Egun, Giza Immunoeskasiaren Birusaz (GIB) kutsatu ostean garatzen den Hartutako Immuno Eskasiaren Sindromea (hiesa) ez da hilkorra, gaixotasun kronikoa baizik.
ECDCk eta OMEk helburu dute diagnostiko testak egiteko bideak erraztea, kasuak lehenbailehen atzeman eta jendea GIBaren kontrako tratamendua hartzen hasteko. “Estigmen eta aurreiritzien” kontra ere egin behar dela nabarmendu dute nazioarteko erakundeek, horrek erraztu egingo baititu prebentziorako urratsak ere.