Hiru etxegabetze iragarri ditu Gasteizko Udalak datozen hilabeteetarako
Gizartea
Gasteizko Udalak hiru etxegabetze iragarri ditu datozen hilabeteetarako. Lehenengoa apirilaren 23rako dago hitzartuta. Hain zuzen, Alde Zaharrean bizi diren bizilagunak kaleratu nahi ditu, jakinda hiru familiek seme-alaba adingabeak dituztela.
Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, prentsaurrekoan salatu du, udalak, Ensanche21 deituriko agentziaren bitartez, eskura dituen baliabide guztiak martxan jarri dituela etxegabetzeak azkartzeko, epaitegi eta gizarte zerbitzuetan presioa eginez, besteak beste. Izan ere, adierazi dutenez, hustu nahi dituzten etxeak urtez egon dira okupatuta eta orain etxegabetze hauek abiaraztea udalak alde zaharrean egin nahi dituen alokairu sozialei erantzuteko da.
Gaineratu du, erakundeek familia hauek moratoria eskatzeko prozesua zaildu dutela, izan ere, hiru familiei zaurgarritasun egoera sistematikoki ukatu zaiela jakinarazi du. Kontuan hartu behar da, familia hauei zaurgarritasuna ez bazaiela onartzen, ezin izango direla etxegabetzeen moratorioan sartu, eta beraz, kalean geratuko direla.
Apirilaren 4rako Bilboko Zurbaranbarri auzoko familia baten etxegabetzea zegoen aurreikusita. Hala ere, Caixabankek atzeratu egin du, nahiz eta Azet sindikatuak adierazi duenez, bankuak ez die ziurtatu data berri bat jarriko ez dutenik. Gainera, alokairu soziala luzatzea ukatu dietela jakinarazi du.
Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak ikasturtea hasi zenetik 98 norbanako artatu dituztela adierazi du, joan den ikasturtean berriz, 134. Gainera, momentu honetan irekita dauden 55 etxegabetze kasu kudeatzen daudela aditzera eman dute.
Joan den urtean, sindikatuak, etxegabetzeen inguruko analisi bat egin zuen. Jasotako datuen arabera gaur egun etxegabetze gehienak alokairuko etxebizitzetan gauzatzen dira. Hauek, ez-ordaintzeen ondorio dira nagusi. Hala ere, kontratuen luzapena ukatzearen ondoriozko etxegabetzeen kopuruak zertxobait gora egin du.
2020 urtetik aurrera etxegabetzeen kopuruak behera egin duela ondorioztatu dute, nahiz eta oraindik ere kopuru hori 2007 urte aurreko mailetatik gora mantendu. Etxebizitza Sindikatuak argi utzi nahi izan du, botatzeek eguneroko errealitatearen parte izaten jarraitzen dutela, eta bataz bestean, 2021ean eguneko hiru botatze gauzatu zirela Hego Euskal Herrian. 2013tik 2022 urtera arte Hego Euskal Herriko botatzeak aztertu ditu dituzte CGPJk egindako txosten batean oinarrituta. Horren arabera, 10.077 botatzen egin ziren Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan berriz, 3.450. Azken urteei erreparatuz, Hego Euskal Herrian 2019an 1372 botatze exekutatu ziren, 2020an dexente egin zuten behera eta 889 abiatu ziren, pandemia garaia zela kontuan hartu beharreko datua da. Gauzak horrela, tendentziak gora egin zuen berriro 2021 eta 2022 urteetan, 1110 eta 1001 botatze exekutatu ziren.
Hipoteka-kuoten igoerak eta alokairuaren prezioaren igoerak eragina dute ezinbestean gaur egungo etxebizitzaren arazoan. Testuinguru horretan, etxegabetzeen demandeen kopuruan igoera ematen ari dela salatu dute, horren arrazoia, etxebizitzarako sarbidea geroz eta mugatuagoa dela eta horrek sektore pobretuenen arazoa ez ezik, deskonposizio egoeran dagoen klase ertainarena ere badela adierazi dute.