Idurre Eskisabel, Euskalgintzaren Kontseilua: “Paradoxikoa da Frantziako Gobernuak euskara hizkuntza pisutsuenen artean kokatzea”
Gizartea
Frantziako Gobernuak euskara munduko 38. hizkuntzarik “pisutsuenen” artean kokatu izana izan dugu hizpide Idurre Eskisabel Euskalgintzako Kontseiluko idazkari nagusiarekin. Eskisabelek azpimarratu du “bitxikeriaren esparruan” kokatzen duela albiste hori, eta dio “paradoxikoa” dela, “Frantziaren menpeko Euskal Herrian, euskarak ez duelako inolako estatus ofizialik eta errekonozimendurik, nahiz eta zerrenda horrek euskara kokatzen duen munduko hizkuntzarik pisutsuenen artean, pisutsuena ulertuz boteretsuena”.
Eskisabelek gehitu du euskarak “oztopoak” dituela arlo askotan, eta dio horren erakusle dela ehunka ikasleri azterketak beren hizkuntzan egitearen “oinarrizko eskubidea urratu” izana. Horren aurrean, desobedientzia “legitimoa eta beharrezkoa” dela dio.
Zentzu horretan, Eskisabelek nabarmendu du Espainiako zein Frantziako estatuek “logika monolinguista eta supremazista” dutela hizkuntzekiko eta herriekiko. Nabarmendu du ez dela Frantziaren jokabide “eklusiboa”, eta Espainiak ere horrelako jarrerak dituela. Horren adibidetzat jo du, besteak beste, EAEko Auzitegi Nagusiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpeko Uliazpi fundazioaren lan eskaintza bertan behera utzi izana: “Uste dut debeku horien azalpena hori dela: gure alboko estatuek erabat txertatuta dutela logika monolinguista eta supremazista erabatekoa”.