Imanol Murua, kazetaria: “Zerbait garrantzitsua egiten ari ginenaren sentsazioa genuen Egunero sortu genuenean”
Gizartea
Imanol Murua ‘Euskaldunon Egunkaria’ko langilea zen Guardia Zibilak 2003ko otsailaren 20an itxiarazi zuenean. Muruaren esanetan, bere bizitzako “egunik gogorrenetarikoa” izan zen: “Oso intentsua eta oso bortitza izan zen, eta bidegabekeria ikaragarri baten aurrean aurkitu ginen kolpetik, horri erantzun beharrean”.
Hain zuzen, ‘Euskaldunon Egunkaria’ itxiarazi eta hurrengo egunean kaleratu zuten ‘Egunero’ren lehen alea, eta prozesu hori bildu du Imanol Muruak Egunero behar genuen liburuan. Egunero ‘Euskaldunon Egunkaria’ ren eta Berriaren arteko “kate-begia” izan zela azpimarratu du egileak: “’Egunero’k garrantzia handia izan zuen bere bizialdi laburrean, eta iruditu zitzaidan merezi zuela testigantza edo historia hori jasotzeak”. Nabarmendu du momentu horretan (1990ean Egunkaria sortu zutenean bezala) ere “zerbait garrantzitsua” egiten ari zirenaren sentsazioa zutela, “13 urtetan eraikitakoa kolpetik suntsitu zutelako”.