Skip to main content

Joseba Belaustegi, GuraSOS: “Ingurumen Baimen Bateratua kontrolatzeko ardura Eusko Jaurlaritzarena da”

Gizartea

2023, urr. 17 - 14:10

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatua ikertzen ari dira ingurumenaren aurkako delitu bat egin duelakoan, eta Joseba Belaustegi GuraSOS elkarteko kideak nabarmendu du lehendakariak “ordezkatzen” duela entitate hori, eta “nahiko logikoa dela pentsatzea erabaki politikoak ezin direla hartu lehendakaritzak onespenik eman gabe”.

Belaustegik azpimarratu du irekia dagoen hirugarren auzi penala dela: lehen auzian, GHK eta bertako zuzendari Cesar Jimeno bertako zuzendari nagusia inputatuta dago, eta bigarrenean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Baimen Bateratuaren (IBB) arduraduna: “IBBa kontrolatzeko ardura Eusko Jaurlaritzaren ingurumen sailarena da, eta kontrol hori beraiek egin ordez, gizarte zibilak egin du, kasu honetan GuraSOSek, hainbat ingeniariren laguntzarekin. Non gelditzen da Eusko Jaurlaritzaren ingurumen saila? Bere betebeharra da kontrol hori ematea, eta hori ez da gertatzen ari”, salatu du Belaustegik. Hori horrela, Belaustegik azaldu du Fiskalak argitu beharko duela zein ardura izan dezakeen Eusko Jaurlaritzaren ingurumen sailak “ez ikusiarena egite horretan”.

Egoera ikusita, Belaustegik salatu du urte hauetako guztietako akatsak “estrukturalak, sistemikoak eta oso larriak” direla, eta nabarmendu du erraustegiaren proiektua berriz “birpentsatu” behar dela, eta herritarrek erabakitzeko aukera izan beharko lukeela: “Hasiera hasieratik, gaizki hasi zen proiektu hau, gizartearen bizkar, eta politizatu egin zen zentzu okerrenean. Gizarteari ez zitzaion inolako aukerarik eman iritzia emateko, pekatu horrek dakartza ondorio hauek, eta hor dago gakoa”. Hori horrela, azpimarratu du auziari “behin betiko irtenbide demokratikoa” eman behar zaiola “elkarrizketaren bidez”.

Hamaika Telebista