Skip to main content

Iruindarrek aurtengo sanferminak agurtuko dituzte gauerdian

Gizartea

Leire Llano Ibarrola

2026, uzt. 14 - 13:07

Bederatzi egunen ostean, iruindarrek lepoko zapi gorria askatuko gauerdian, eta txarangen laguntzarekin ‘Gaixoa Ni’ abestuz agur baino gero arte esango diete sanferminei, jai horiek urte osoan baitaude iruindarren oroimenean.

Bederatzi egunez hiriko kaleak dantza, besarkada, irribarre eta algaren lekuko izan dira, eta iruindarrek zein bisitariek zoramenez eta gozamenez ospatu dituzte jaiak, gaitari, txistulari, txaranga edo kaleko musika barru-barruan sartuta. Izan dira La Pamplonesa udal bandak goizaldean eskainitako dianetara iritsi direnak eta txurro egin berriekin parranda amaitu dutenak ere. Ospakizunerako ez ezik, aldarrirako tartea ere izan da: kultur aniztasuna edota Palestinaren aldeko mezuak aldarrikatzeko, polizia indarkeriaren biktimak omentzeko edota jaietan gertatutako eraso matxistak gaitzesteko.

Agur esateko unea iritsi den arren, askorentzako azken zita gelditzen da, azken urteetan zita klasiko eta ia derrigorrezko bihurtu dena: billabesaren entzierroa. Miguel Indurain txirrindulari nafarra imitatzen duen gaztearen alboan, uztailaren 15eko goizaldera arte irauteko indarra dutenek entzierroaren ibilbidea zeharkatuko dute korrika zezen plazaraino. Azken dantza bailitzan, eta iruindarrek urte osoan oso presente duten leloa oihukatuz: ‘Gutxiago Falta Da’.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista