Skip to main content

Itun sozio-politikoa bideratzeko konpromisoa eta oldarraldiari erantzuteko "Protokoloa" aurkeztu ditu Kontseiluak

Gizartea

2023, aza. 07 - 13:11

Gaur egindako prentsaurrekoan, Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4an euskararen biziberritzearen aurkako sententziak salatzeko 70.000 pertsona batu zituen manifestazioaren balorazioa egin du. Lehenik eta behin, Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek "eskerrik beroenak" eman dizkie haien laguntza emanez, parte hartu duten guztiei. Baita ere, azaroaren 4an Bilboko kaleak bete zituzten herritarrei.

Manifestazioaren balorazioari dagokionez, Eskisabelek ondorengoa adierazi du: "pozik gaude emaitzarekin. Kontseiluaren aurreikuspenen gainetik erantzun zuen jendeak. Pozik gaude deialdiaren arrakastarekin, batik bat, gure kezka eta larritasuna gizartean itsatsita dagoela ikusi dugulako. Badago gogo bat, euskararen normalizazioan aurrera egiteko".

Larunbatekoak Kontseiluari "ardura bat" erantsi diola azaldu du idazkari nagusiak, eta "indar hori guztia ahalik eta ondoen bideratzeko konpromisoa" agertu du, "beti ere, euskararen normalizazioaren alde eta kontsentsu sozialean sakontzearen alde". Bestalde, Manex Mantxola Kontseiluko koordinatzaileak aurkeztu du Oldarraldiaren aurrean hizkuntza-eskubideak babesteko Protokoloa izeneko dokumentua.

Gogorarazi du ere, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak bere 2. artikuluan zehazten duela inor ezin dela diskriminatua izan bere hizkuntzagatik. Baina oraindik euskal hiztunen eskubideak ez daudela guztiz bermatuta eguneroko arlo askotan.



Hamaika Telebista