Justizia euskararentzat eta euskara justiziarentzat aldarrikatu dute Baionan
Gizartea
Euskal Herrian Euskarazek deituta, manifestazio nazionala egin dute igandean Baionan justizia euskararentzat eta euskara justiziarentzat aldarrikatzeko.
Apirilaren 11n, Gorka Torre eta Intza Gurrutxaga Euskal Herrian Euskarazeko kideak epaituko dituzte abenduaren 3an egindako desobedientzia ekintzagatik.
Euskararen Nazioarteko Egunean, Baionako epaitegiko horman “Justizia Euskararentzat” idazteagatik izango dira epaituak. Ekintza hori euskaldunok bizi dugun zapalkuntza eta injustizia salatzeko egin zuten; epaitegietako oldarraldiari ekintza zuzenez erantzuteko; eta Euskararen Errepublika aldarrikatzeko. Horrez gain, euskara egoera kezkagarrian dagoela ohartarazteko ekintza ere izan zen. Gaineratu dute horren adierazle dela euskaraz ikasten duten ikasleei, azterketak euskaraz pasatzea debekatzen dietela; behin baino gehiagotan, auzitegian, euskaraz deklaratzea debekatu dietela edota euskarak ez duela lege egokirik euskararen herri osoan.
Apirilaren 11n 14:00etan izango da epaiketa eta ordu laurden arinago, 13:45erako Baionako epaitegiaren aurrean elkarretaratzera deitu dituzte herritarrak.