Lakuabizkarrako osasun zentroan egongo da Gasteizeko EAG berria
Gizartea
2024, ira. 23 - 15:09
Osasun sailburuak bigarren Etengabeko Arreta Gune baten irekiera iragarri du Gasteizen hainbat urtez egindako eskaeren ondoren. Lakuabizkarrako osasun zentroan egongo da kokatuta Etengabeko Arreta Gune berria, eta hiriko bigarrena izango da Santiago ospitaleko gunearekin batera. Lakuabizkarrako osasun zentroa Gasteizko Duque de Wellington kalean kokatuta dago, tranbia geltoki aurrean eta Txagorritxu ospitaletik oso gertu. Alberto Martinez osasun sailburuak ez ditu irekiera datarik eman eta “giza baliabideak eskuragarri daudenean” jarriko dela martxan adierazi du. San Martineko Etengabeko Arreta Gunearen itxieraren ondoren, Santiago ospitalekoa izan da hirian irekita egon den bakarra. Bilbon hiru dira irekita dauden Etengabeko Arreta Guneak; Begoña, Deustu eta Errekalde barrutietakoak, hain zuzen. Donostian berriz, Gasteizen bezala, bakarra dago irekita eta bi errefortzu-puntu ditu asteburuetan.