Skip to main content

Langileen Nazioarteko Egunean mobilizazioak deitu dituzte sindikatuek

Gizartea

Ainhoa Lainsa Merino

2026, api. 30 - 14:04

Langileen Nazioarteko Egunaren harira, mobilizazioak deitu dituzte Euskal Herriko sindikatu eta erakundeek. ELA, LAB, CCOO, UGT, EHKS, ESK, Steilas, CGT, Solidari, CNT eta Intersindikalak protestak antolatu dituzte hiriburuetan.
LABek, aurten, 26 mobilizazio deitu ditu, gerraren testuingurua eta bizi-kostuaren garestitzea salatzeko, eta langileen aldeko politikak aldarrikatzeko. Ekitaldiak hainbat hiriburu eta eskualdetan egingo dituzte, eta Baionan eta Maulen Intersindikalarekin batera mobilizatuko dira.


ELAk, berriz, Bilbon eta Iruñean egingo ditu manifestazioak justizia sozialaren alde eta faxismoaren zein inperialismoaren aurka borrokatzeko. Aldi berean, gutxieneko soldata duinaren aldeko aldarrikapena berretsiko dute, “Maiatzaren Lehena bide horretan mugarri izan behar dela” azpimarratuta.


Bestalde, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak ere bat egin du deialdiekin. Taldeak gogorarazi du langileen nazioarteko egunean nabarmendu beharreko oinarrizko aldarrikapenak direla 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa defendatzea, kaleratzeen aurkako langileen borrokekiko elkartasuna, pentsio publiko duinak eta kalitatezko zerbitzu publikoak defendatzea, besteak beste. Hala, dei egin diete pentsiodunei eta herritar guztiei sindikatuekin batera ostiralean kaleak hartzera.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista