Skip to main content

Legarda, Mandojana, Gereña eta Artatza Foronda Gasteizeko ur sarera lotuko dira

Gizartea

2024, api. 16 - 14:04

Ureko nitrato maila handien ondorioz, Arabako lau herritan txorrotako ura kontsumitu gabe daude dagoeneko 2 hilabetez. Amvisa, ur horniketa udal enpresa: Legarda, Mandojana, Gereña eta Artatza Forondako bizilagunak botilatutako uraz zuzkitzen ari da herriak Gasteizeko ur horniketa sarera lotzen diren bitartean. Lau herriak Mandojanan kokatuta dagoen putzuaren bidez izan dute ur horniketa orain arte. Bertako udalak adierazi duenez, ohiko analisi bati esker neurtu dute uraren nitrato maila. Honen arrazoiak, putzuaren eremuan burututako nekazaritza lanak eta azkenaldiko euri oparoek eragin dituen iragazketak izan direla esan dute udaletxetik.

Azkeneko analisian nitrato maila normaldu den arren, uraren kontsumo debekuak indarrean jarraitzen du. Herritarrei komunikatu berri zaie Gasteizeko ur horniketa sarera lotzea erabaki dela behin betiko irtenbide gisa. Bizilagunek adierazi dute aspalditik proposatu ziotela irtenbide hau udalari eta hauek ez dutela erabakia mahi gainean jarri orain arte, beraz, eszeptikoki hartu dute udalaren konpromisoa. Oraingoz, Amvisak hoditeria berria gainazalean instalatuko du prozesua ahalik eta azkarren egiteko helburuarekin. Behin behineko irtenbidea izango da hala ere, behin betiko instalazioa egiten duten bitartean.

Hamaika Telebista