Skip to main content

LGTBIfobiaren aurkako egunean manifestazioak egin dituzte indarkeria eta diskriminazioa salatzeko

Gizartea

Ainhoa Lainsa Merino

2026, Maiatza 18 - 14:05

Igande honetan LGTBI kolektiboak pairatzen duen indarkeria salatu dute. LGTBIfobiaren aurkako egunaren harira, E28 koordinakundea, EHGAM, LAB, Steilas, Ikama eta beste hainbat eragilek manifestazioak egin eta adierazpenak argitaratu dituzte.
1990eko maiatzaren 17an, duela 36 urte, Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea buruko gaixotasunen zerrendatik kendu zuen. Horrek urrats erabakigarria ekarri zuen kolektiboaren eskubideen aitortzan, eta ordutik, LGTBIfobiaren aurkako borrokaren egun bihurtu da.

E28 koordinakundeak agerraldiak egin ditu Bilbon eta Iruñean. Bertan, salatu dute egunerokoan indarkeria eta diskriminazioa pairatzen jarraitzen dutela, eta egoera horretaz “nazkatuta” daudela. Gainera, indarkeria instituzionala ere deitoratu dute, eta argi utzi dute ez direla isilik geratuko.

Bestalde, Berdinduk ere oharra kaleratu du. Azken urteotan aurrerapausoak eman direla nabarmendu badu ere, hainbat datu “kezkagarri” mahai gainean jarri ditu. Ikuspegiren azken inkestaren arabera, EAEko herritarren %77,8k askotariko gizarte batean bizi nahi duela dioen arren, biztanleen %15ak diskriminazioren bat pairatu du azken urtean.

Gainera, aipaturiko bereizkeria kasuen %76 baino gehiago ez direla salatzen ohartarazi du LGTBI euskal zerbitzuak. Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak guztien eskubideen defentsarekin duen konpromisoa berretsi du, eta politika publikoak garatzen eta indartzen jarraituko duela adierazi du.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista