Skip to main content

Lurraldebusen eraso matxistak prebenitzeko protokolo bat lantzen ari dira

Gizartea

2024, eka. 26 - 10:06
Gipuzkoako Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Lurraldebusen erabiltzaileak gonbidatzen ditu autobusetako eraso matxisten aurkako lehen protokoloa egiten parte hartzera. Horretarako, bideo bat egin dute, eta, bertan, 18 galderaz osatutako galdetegi bat erantzutera gonbidatu. Erabiltzaileek QR kode baten bidez eskuratu ahal izango dute galdetegia.

Kode hori ibilgailuetan bertan egongo da ikusgai. Era berean, eta eten digitala gainditzeko, ehun galdetegi baino gehiago egin dira kalean bertan.

Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak adierazi duenez, protokolo hori "gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko beste urrats bat da"; izan ere, garraio publikoa, kasu honetan, autobusak "emakumeok seguru sentitzeko guneak" izatea bilatzen du. Gainera, ibilgailuetan gerta daitezkeen indarkeria matxistako kasuei erantzuteko esparru bat eskaintzen die gidariei, biktimek lehen instantzian jasotzen duten arretari erantzun hobea eta azkarragoa emateko.
Hamaika Telebista