Maite Lafourcade euskal zuzenbideko irakasle ohia zendu da
Gizartea
Lafourcade Baionan sortu zen, 1934an eta 91 urterekin zendu da.
Ikasketa prozesuan sartu, eta unibertsitate ibilbide luze eta aberatsa egin zuen Lafourcadek: Zuzenbide Pribatuko eta Zuzenbidearen Historiako Goi Mailako tituluak atera zituen Parisko Unibertsitatean; doktoretza tesia idatzi zuen Luis XVI.a erregearen garaiko Lapurdiko ezkontza kontratuez; Paue eta Aturrialdeko Unibertsitateko irakasle izan zen Baiona, Angelu eta Miarritzeko Diziplina Anitzetako Fakultatean baita sortu eta zuzendu zuen Euskal Ikasketen Ikerketa Zentroan ere.
Euskal Herriko zuzenbidean aritu zen buru belarri. Euskal Herriko sistema juridikoaren inguruko ikerketak egiteaz gain, sistema horri buruzko informazioa eta ikerketa zabaltzeko lanean aritu zen. Urteetan, unibertsitateetatik kanpo ere ibili zen, Eusko Ikaskuntzan adibidez. 2006an, Eusko Ikaskuntzaren Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientziaren saria eman zioten. Frantziako Palma Akademikoen ofiziala ere izan zen, eta Frantziako merituaren eta dedikazioaren urrezko gurutzea eman zioten. EAJ alderdiko kidea ere izan zen eta 2011n, Sabino Arana fundazioaren saria jaso zuen.