M-8ko mobilizazioetan zaintzaren sistema heteropatriarkala iraultzeko beharra aldarrikatuko dute
Gizartea
Euskal Herriko Mugimendu Feministak manifestazioak antolatu ditu Euskal Herriko bost hiriburutan. Baionako manifestazioa izanen da abiatzen lehena, 15:00etan aterako baita Merkatuaren plazatik; Bilbokoa 19:30ean abiatuko da Jesusen Bihotzetik; Gasteizkoa, 19:00etan San Anton plazatik; Donostiakoa, 18:30ean Antiguako tuneletik; eta Iruñekoa, 20:00etan Antoniutti parketik.
Iruñeko Gazteluko plazan egin du agerraldia mugimendu feministak. “Egungo zaintza sistema eraldatzera” deitu dute mugimendu feministako kideek. Adierazi dute Hego Euskal Herrian EAJ, PSN, CEN Nafarroako Enpresarien Elkartea eta Confebask direla sistema horren arduradun nagusiak. Gainera, “Espainiako Atzerritartasun Legea indargabetzea eta pertsona guztiak erregularizatzea” eskatuko dute.