Milaka pertsonak makroproiektuak geldiarazteko eskatu dute larunbatean Gasteizen
Gizartea
Milaka pertsona batu ziren larunbatean Gasteizen EH Bizirik deitutako manifestazioan. 'Euskal Herria ez dago salgai' lelopean eman zioten hasiera mobilizazioari nekazarien hainbat traktoreek lagunduta, landa munduaren borrokaren sinbolo moduan. Martxan jarri nahi diren hainbat makroproiektuek lurra suntsituko dutela salatu zuten Euskal Herriko toki desberdinetatik etorritako lagunek. Instituzioen jarrera eta erantzukizuna gaitzetsi zuten, esanez, herritarren ongizatearen aurretik enpresen irabaziak lehenesten dituztelako.
Eragileek Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala aipatu zuten, euren ustez, administrazio batzarrak lurraldearen gainean antolatzeko eta kudeatzeko gaitasunik gabe uzten dituen adibiderik argiena baita. Plan horrek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan energia berriztagarrien azpiegiturak non eta nola kokatuko diren arautuko du. Bide horretan, herritarren parte hartzea ez dela aintzat hartu adierazi zuten larunbatean. Gaineratu zuten, Oion eta Arratzua-Ubarrundiako udaletan alderdien jarraibideek herriaren erabakiak makurrarazi nahi dituztela.
Eguraldiak lagundu ez zuen arren Gasteizko kaleetan zehar gizarte eragile ekologista, kultural eta sozialen aldarrikapenak ozen entzun ziren. Eskaerak askotarikoak izan ziren. Solaria edo Aixeindar bezalako energia berriztagarrien enpresak zuzenean interpelatzen zituzten pankartak ikusi ziren, Ipar Euskal Herriko abiadura handiko trenaren kontrakoak eta Araban eraiki nahi diren parke fotoboltaikoen kontrakoak, besteak beste.
Amaitzeko, borrokaren kriminalizazioa salatu zuten, adibide gisa, Euskal Herria Bizirik taldeko kide batek, Nafarroako Aroztegiak eta Ipar Euskal Herrian Marieniak dituzten zigor eta epaiketak azpimarratu zituzten.