Skip to main content

Nafarroako Gobernuak Ezkabako gotorlekua memoria gune izendatu du ofizialki

Gizartea

Leire Llano eta Gaizka Leitza

2026, api. 21 - 14:04

Astearte honetan Nafarroako Gobernuak Ezkaba memoria gune izendatu du ofizialki Iruñean. Foru Gobernuak, Espainiako Gobernuarekin batera, gotorlekua memoria demokratikoaren leku izendatzeko akordioa sinatu zuen 2026ko martxoaren 18an. Astearte honetan, Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu dute Memoria Demokratikoko Ministerioaren ebazpena. Izendapen ekitaldian parte hartu dute Ana Ollo Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako kontseilariak eta Fernando Martinez Memoria Demokratikoaren Espainiako estatu-idazkariak.

Nahiz eta espetxea 350 pertsonentzat prestatua egon, 3.000 preso zeuden bertan. Baldintza oso prekarioetan zituzten eta ebazpenak dioen bezala horrek “gaixotasunak, gosea, tratu krudel eta umiliagarriak eta hotza” ekarri zituen. Egoera honengatik, 1937tik 1945ra arteko zortzi urte horietan gutxi gora-behera 305 pertsona hil zirela uste dute.

1938ko maiatzaren 22an Europan ezagutu den ihesaldirik handienetakoa gertatu zen: 705 presok espetxetik alde egin zuten eta horietatik hiruk bakarrik lortu zuten muga zeharkatzea. 200 bat hil zituzten haien bila zeudelarik, beste batzuk epaitu eta exekutatu zituzten eta gainontzekoak berriz sartu zituzten preso. "Gotorlekua frankismoaren egiturazko biolentziaren lekuko materiala dela" berretsi du Espainiako Gobernuak.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista