Skip to main content

Naia Torrealdai, Bilgune Feminista: “Zaintza eskubide unibertsal izatea da aldarrikapen nagusia”

Gizartea

2023, mar. 08 - 13:03

Euskal Herriko Mugimendu Feministak zaintzaren eskubidearen aldeko greba orokor bateranzko prozesua jarri du martxan, eta horri buruz hitz egin dugu Naia Torrealdai Bilgune Feministako kidearekin.
Torrealdaik nabarmendu du zaintzen problematika erdigunean jartzeko “anbizioa” aspalditik zuela mugimendu feministak, eta agenda partekatu hori eraikitzeko lanean ari zirela ailegatu zela pandemia; garai horretan sortu zuten Bizitzak Erdigunean koordinadora. Hilabete askotako hausnarketa prozesuaren ondoren, kaleak hartzeko beharra ikusi dute. Zentzu horretan, greba orokor bateranzko bidea hasi dute, eta Euskal Herriko beste eragile sindikal, sozial eta politiko batzuekin egin nahi dute bidea elkarlanean. Izan ere, azpimarratu du gizarte osoa zeharkatzen duen gaia dela zaintzena.
Torrealdaik nabarmendu du aldarrikapen nagusia dela zaintza eskubide unibertsal izatea, eta baita zaintzeko betebeharra herritar guztiena izatea ere. Salatu du zaintza “pribatizatua, merkantilizatua, feminizatua, arrazializatua eta familiarizatua” dagoela une honetan, eta “negozio grina” kendu nahi diotela zaintzari. Dimentsio “publikoa” eta “komunitarioa” ikusten diote zaintzari: “Alde batetik, publikoak sostengatu behar duena dago, unibertsaltasuna bermatzeko instituzioek hartu behar dituzten neurriak, baina zentzu komunitarioa ere aldarrikatzen dugu, gizonek hartu beharreko ardura, momentu honetan ez zaintzea pribilegioa delako”. Horretarako, “jendartearen despatriarkalizazioa” behar dela dio, hezkuntzaren bidez egin behar dena, edota baita familia sare zabalagoetan ere.

Hamaika Telebista