Skip to main content

Olatz Peon, GBB: “Zaintza erantzukizun publikotzat jotzea izango da aurrerapen handienetako bat”

Gizartea

Olatz Peon GBBko kidearekin hitz egin dugu Hamaika Telebistan, biharko Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitu duen greba feminista orokorraren karietara. Peonek nabarmendu du EAJren agendan beti egon dela zaintza, pandemian bizitako egoera ezberdinek ikusarazi zuten arren. Aipatu du beren eredua “feminista, eraldatzailea eta komunitarioa” dela, eta besteak beste, profesionalizazioan jarri du azpimarra: “Sektoreko langileen lan baldintzak sendotu behar ditugu, eta hori elkarrizketaren bidez egin behar dugu”.

Gehitu du azken urteetako eredua “familiarista” izan dela, eta emakumeen gainean jarri dela erantzukizuna. Hori horrela, nabarmendu du lidergo publiko handiagorantz joatea, eta zaintzaren gaia erantzukizun publikotzat jotzea izango dela garai honetako aurrerapen handienetako bat. Trantsizio hori “eraldatzailea” eta “feminista” izan behar duela nabarmendu du. Herri mugimenduekiko “errespetua” adierazi duen arren, nabarmendu du euskal erakundeen kontra aritzea “etxekalte” aritzea dela.