Ostiral honetan burutuko da ikuskizunen sektoreko teknikariek deitutako bigarren greba eguna
Gizartea
Aimar Erkiaga
Aste Nagusiko azken txanpan sartuta dago Donostia, eta bihar, hilak 14, Gipuzkoa mailako lanuztea deitu du Teknikariok sindikatuak. Oro har, probintzia mailako greba gauzatzeaz gain, prekarietaterik gabeko jaien aldeko kontzentrazioa ere egingo dute, Victoria Eugenia Antzokiaren aurrean burutuko dena.
Azken asteetan salatu duten moduan, behin-behinekotasuna, atsedenik gabeko lanaldi luzeak, jaiegunetako eta gaueko plusik eza eta kontziliaziorako zailtasunak ohiko bihurtu dira sektorean, eta hau ekiditeko, bi urte eta erdi daramatzate EUKI patronalarekin negoziatzen. Gaur egun, ordea, negoziazio zubiak hautsi egin dira, eta, sindikatuaren esaten, grebaren arrazoi nagusia lan hitzarmen kolektiboaren negoziazioa etenda egotea da.
Aldez aurretik noiz eta zer ordutan lan egingo duten jakitea eskatzen du Teknikariok sindikatuak, eta, era berean, pasaden astean Gasteizko jaietan egindako lanuztean parte hartu zuten artista eta kolektiboak eskertu nahi izan dituzte. Halaber, hausnarketa eta ikuskizunen atzean dauden langileen lan baldintzetan pentsatzeko dei egin dute Donostiako eta Bilboko Aste Nagusietan deituta dauden grebei begira.

















