Pasa den astelehenean Aranzadin izandako desalojoa salatzeko elkarretaratzea burutu dute Iruñean
Gizartea
Gaizka Leitza Alduncin eta Leire Llano
Astearte honetan ‘Inor ez da ilegala’ eta ‘Etxean bizi: etxea eta janaria’ lelopean elkarretaratzea burutu dute Iruñean Nafarroako Gobernuaren parean, Aranzadiko agustindarren komentuaren desalojoa salatzeko asmoz.
Goizaldeko 06:30ak aldera hasi zuen hustuketa Udaltzaingoak. Egunero 75 pertsonek lo egin izan dute bertan, nahiz eta osotara 140 pertsona izan espazioa erabiltzen dutenak, Matalaz edo Katakrak bezala tokietan lo egiten duten bitartean haien gauza pertsonalak gordetzeko, besteak beste. Behin hustutzea gauzatuta 98 pertsona artatu zituzten. Horietako 68 larrialdi-zerbitzuetan birkokatuko zituzten egunean zehar. Zehazki, zortzi pertsona Trinitarios udal-aterpetxean kokatu dituzte, beste bi Tuterako aterpetxera eraman dituzte , beste 58 udalak ordaindutako hotel eta ostatuetan kokatu dituztelarik, hasierako hiru eguneko epearekin. Gainontzeko 30 pertsonetatik, hainbat beste udalerri batzuetan erroldatuta daude eta beren arreta-zerbitzuetara bideratu dituzte.
Nafarroako Gobernuaren parean burutu dute elkarretaratzea hainbat elkartek deituta, Negu Gorriak kolektiboak, esaterako. Bertan salatu dute “Aranzadiko gazteei ez zaiela utzi beren gauzak biltzen” eta han “harrapatuta daudela maletak, objektu pertsonalak eta, garrantzitsuena, haiek erregularizatzeko funtsezko dokumentazioa”. “Makro hustuketa olatu batek Euskal Herria zeharkatzen duela” azpimarratu dute: “lehenengo Bilbo, ondoren Donostia eta orain Iruñea” eta “hiru hiriburuetako ‘modus operandia’ berdina izan dela” salatu dute.

















