Pentsio duinak aldarrikatu dituzte Bilboko Aste Nagusian
Gizartea
Ainhoa Lainsa Merino
Pentsiodunek manifestazioa egin dute Bilboko Aste Nagusiaren baitan. “Jaietan ere, pentsionistak kalean” lelopean, pentsio duinak aldarrikatu dituzte Eliptika plazatik udaletxe pareraino egindako mobilizazioan.
Antolatzaileen arabera, egungo krisialdi eta ezegonkortasun ekonomikoek desberdintasunak areagotzen dituzte, elite ekonomikoen mesedetan eta herritar gehienen kaltetan.
Hala, inflazioak izandako %3,6rainoko igoerak, pentsioen erosteko ahalmenaren %0,9ko galera ekar dezakeela salatu dute, pentsioek soilik %2,7 egin baitute gora. Era berean, erosketa-saskiaren prezioen igoera are handiagoa dela nabarmendu dute.
“Miseria-pentsioak” jasotzen dituzten pentsiodunen egoera ere salatu dute, haien hitzetan gutxieneko duintasunez bizitzera bultzatzen baitiete. Azpimarratu dute, gainera, Gasteizko Gobernuak gutxieneko pentsioak LGSraino osatzeari uko egin diola, “inolako justifikazio sozialik edo demokratikorik” gabe.
Hala, Bilboko eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak gogorarazi dute zortzi urte daramatzatela pentsio publiko duinak eta zaintza-sistema publiko eta kalitatezkoak defendatzen, eta aurten ere borrokan jarraituko dutela.

















