Sanferminetan izan diren sexu erasoak salatzeko Iruñeko Gaztelu plaza bete dute milaka pertsonak
Gizartea
Maite de Felipe Suso
Sanferminetan izan diren sexu erasoak salatzeko elkarretaratzea egin dute milaka pertsonak Iruñeko Gaztelu plazan. Bertan izan dira, besteak beste, Iruñeko peñak eta hainbat agintari.
Jaietan izandako eraso sexistak gaitzesteko helburuarekin deitu du elkarretaratzea Iruñerriko Mugimendu Feministak; izan ere, momentuz 27 sexu eraso izan direla jakinarazi dute eta horien artean, ukituak, irainak, jazarpena eta bortxaketa bat daude. Argi utzi dute “nazkatuta eta nekatuta” daudela, baina baita "antolatuta" ere.
‘Emakumeon kontrako indarkeriarik ez’ lelopean hartu dute plaza, eta bertan izan dira Iruñeko udalbatzako kideak ere. Udalak azaldu duenez, lehen sei jaiegunetan hamaost salaketa jarri dira eta hamabi gizon atxilotu dituzte. Dena den, Nafarroako Gobernuaren arabera, salaketak hamazazpi izan dira eta atxilotutakoak, berriz, hamahiru.
Gaztelu plazara hurbildu dira baita ere Maria Txibite lehendakaria, Ana Ollo kontseilaria eta UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin talde parlamentarioetako ordezkariak.

















