Sidenor enpresa ikerketapean, ustezko kontrabando delituagatik
Gizartea
Ainhoa Lainsa Merino
Fiskaltzak “kontrabando” zantzuak sumatu ditu Sidenorren egitekoan, Israelgo armagintza enpresa bati altzairua ustez baimenik gabe saldu izanaren ikerketa abian ipini ostean. Ez du uste, ordea, gizateriaren aurkako krimenik egin duenik, beraz, prozesua “kontrabando delitura mugatu beharko litzatekeela” iritzi du.
Astearte honetan miatu dute Sidenorren Basauriko lantegia epailearen aginduz eta horren harira plazaratu du bere iritzia Fiskaltzak txosten batean. Dokumentuaren arabera, genozidio eta gizateriaren aurkako delituen inguruko ikerketa “legezko babesik gabe”egin dute. Horregatik, delitu horiei lotuta egindako jarduketa guztiak baliogabetzea defendatu du.
Jose Antonio Jainaga presidente duen Sidenor ikerketapean dago, Israelgo armagintza enpresa bati baimenik gabe altzairua saltzea egotzita. 2025eko urrian, Comunitat Palestina de Catalunya-Terra Santa elkarteak salaketa jarri zuen enpresaren aurka, kontrabandoa, genozidioa eta gizateriaren aurkako delituetan parte hartzea egotzita. Haien aburuz, Sidenorrek altzairua esportatu zion Israel Military Industries armagintza enpresari, beharrezko administrazio-baimenik gabe.
EFE albiste agentziak zabaldu duenez, salaketa horrek Espainiako Audientzia Nazionalak ikerketa abiaraztea ekarri du. Horren baitan, azaroan deklaratzera deitu zuten Jainaga eta adierazi zuen “enpresak ez duela irregulartasunik egin Israelera egindako salmentetan”. Bere esanetan, “esportatutako altzairua ez dago administrazioak kontrol berezia ezartzen dien produktuen zerrendan”, eta, beraz, ez zen baimen berezirik behar. Hala ere, ikerketak zabalik jarraitzen du.

