Skip to main content

Solariak aurkeztutako hiru proiektu fotoboltaiko atzera bota ditu Arabako Foru Aldundiak

Gizartea

2024, ira. 19 - 13:09
Arabako Foru Aldundiak atzera bota ditu Solaria enpresak aurkeztutako hiru proiektu fotoboltaiko. Naturan, nekazal lurretan eta lurralde antolamenduan oso kaltegarriak izan daitezkelako. Zierbena Solar 2, 3 eta 4 proiektuak dira Aldundiak baztertu dituenak: Erriberabeitian, Zigoitian eta Iruña Oka eta Gasteiz artean eraiki nahi ziren parke fotoboltaikoak hain zuzen. Solariak 30 parke fotoboltaiko eraikitzeko asmoa dauka Araban, eta hauek izan dira aurkeztutako lehendabiziko hiru proiektuak, Trebiñun aurkeztutako beste proiektu batekin batera. Ingurune Jasangarritasun eta Natura Ondarearen zerbitzuak eta Nekazaritza sailak, Solariak aurkeztutako ingurumen inpaktuari buruzko ikerketak “kalitate baxukoak” direla argudiatu dute, “gabezia eta akats nabarmenak” dituztela adieraziz. Foru zerbitzu hauen esanetan, hiru proiektuek kalte “kritikoak” izango lituzkete nekazal lurretan eta ingurumenean. Bestalde, Solariak proposatutako 100 kilometroko goi tentsioko linea zalantzan jarri du Aldundiak, Erriberabeitiatik Bizkaiko Zierbenaraino eraikiko litzatekeena. Energia isurtzeko kokalekuak “hau sortzen den lekutik gertuago” bilatzea proposatu dio Aldundiak Solariari. Araban proposatutako hiru proiektu hauentzako gehiegizkoa delako Solariak egindako planteamendua.
Hamaika Telebista