Iaz 204 pertsonak egin zuten euren buruaz beste Hego Euskal Herrian
Gizartea
Gaur da suizidioa prebenitzeko nazioarteko eguna. Eustat Euskadiko Estatistika Institutuak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, iaz 204 pertsonak egin zuten euren buruaz beste Hego Euskal Herrian. Europar Batasunean, gazteen artean suizidioa da lehen heriotza eragilea.
Eustatek uztailean jakinarazi zituen suizidioaren inguruko 2023ko datuak. Horien arabera, gizonezkoak izan ziren nagusi (%74) euren buruaz beste egin zuten pertsonen artean eta 40-49 eta 50-59 urteko tartean izan zuen intzidentzia gehien. LGTBIQ+ kolektiboa da zaurgarriena, bereziki, pertsona transexualak.
Nafarroan, 2024ko lehen seihilekoan, 23 pertsona hil ziren bere buruaz beste eginda, eta Osasun Departamentuak 163 suizidio kode aktibatu zituen, eta horietatik %57 emakumeak izan ziren.