Sute handi bat piztu da astearte gauean Gasteizen, gas isuri batengatik
Gizartea
Sute handi batek argirik gabe utzi du Gasteizko Salburua auzoa. Astearte gauean, Iliada etorbideko zubi baten azpiko gas hodi baten leherketak eragin zuen. Nahiz eta zauriturik ez egon, ia 2.000 etxebizitza argindarrik gabe utzi zituen. Hori dela eta, hainbat pertsona igogailuetan harrapatuta gelditu ziren.
Gasteizko Udalak adierazitakoaren arabera, sutea itzaltzea eta lehertutako hodia konpontzeko lana “nekeza” izan zen. Hain zuzen, suhiltzaileek ordu eta erdi behar izan zuten itzaltzeko eta badaezpada, trafikoa itxi zuten leherketa gertatu zen tokian. Batez ere, sutetik gertu zeuden etxebizitzak garretatik babesteko lanetan ibili ziren, izan ere, astearte gauean Gasteizen zebilen haizek dezente zailtzen zuen sutearen itzalketa. Hala ere, ez zen beharrezkoa izan bizilagunak euren etxeetatik aterarazi.
Suhiltzaileek, gertuko errepidearen eta zubiaren egoera ikuskatuko dutela jakinarazi dute, tenperatura altuak izan direlako bertan eta baliteke kalte garrantzitsuren bat eragin izana. Era berean, sua itzali ondoren sortutako jarioak ere kontrolatuko dituzte. Beatriz Artolazabalek adierazi duenez, zubiak kalte larriak jasan ditu, narriadura handiak omen ditu eta ikusi behar dute ze konpontze lan egin behar dituzten hura berrezartzeko.
Iberdrolak, berriz, aditzera eman du, Salburuako auzoan duen argindar transformaziorako zentroa kolapsatu egin zela eta horren ondorioz gertatu zela gas isuria. Emandako datuen arabera, leherketaren ondorioz etxebizitzen %50a argindarrik gabe geratu ziren.
Gasteizko Errekabarri ikastetxeko langileek Hamaika Telebistari jakinarazi diote, asteazken goiza urik eta berokuntzarik gabe hasi dutela, aurreko gaueko leherketa dela eta. Hala ere, goizak aurrera egin ahala berrezarri direla.