Tolosako inauterietan pilotakadaz begian zauritutako gaztearen kasua artxibatu dute
Gizartea
2024, aza. 28 - 18:11
Ertzaintzaren ikerketaren ondoren, agenteek “protokoloa bete zutela” ondorioztatu dute. Defentsak helegitea jarriko duela iragarri du. Otsailaren 13an Tolosako inauterietako istiluetan 16 urteko gazte bat larri zauritu zuen ertzain batek. Jaurtitako foam pilota batek eskumako begian jo zuen eta oraindik ez du ikusmen osoa berreskuratu. Ertzaintzaren arabera, foam pilotak “errebotez” jo zuen lehenago beste gazte baten besoa jo eta gero. Josu Erkorekak, orduko Segurtasun sailburuak, gaztearen gain jarri zuen istiluen lekuan egotearen erantzukizuna. Ikerketak dioenez, agenteek “50 metrotik baino gehiagotik” egin zuten tiro eta “gorputzaren beheko aldera”.