Urretxu-Zumarraga erdian ‘plastiko erraustegi bat’ jarri nahi dutela salatu dute
Gizartea
2023, api. 24 - 12:04
Arcelorren lurretan hondakin plastikoen “birziklatze” kimikorako instalazio bat jartzeko asmoa adierazi du Plastic Energy enpresak. Instalazio horrek, “balorizazio kimikoko sistema” baten bidez, hondakin plastikoak erre eta beste substantzia batzuetan bihurtzen ditu. Horretarako, enpresak pirolisi izeneko teknologia erabiltzen du. Urtean 30.000 tona plastiko baino gehiago pirolizatu nahi ditu enpresak. Egoerak kezkatuta, Urretxu-Zumarraga Bizi! plataformak salatu du Arcelorren egin nahi dutenari errausketa ez den beste modu batera deitzea, herritarrak engainatzen saiatzea dela eta inguruko auzoetako bizilagunei “plastikoa erretzen duen eta osasunerako kaltegarria den erraustegi bat” jarri nahi dietela metro gutxira. Maiatzaren 3an, 19.00etan Zumarragako kultur etxean egingo den informazio-bilerara joateko deia egin diete herritarrei.