Skip to main content

95 urte bete dira Donostian Guardia Zibilak manifestazio batean tiroka zazpi pertsona hil eta hamarnaka zauritu zituenetik

Gizartea

Ainhoa Lainsa Merino

2026, Maiatza 27 - 14:05

Asteazken honetan 95 urte betetzen dira Ategorrietako sarraskitik. 2000 pertsona inguruko mobilizazioa abiatu zen Donostia aldera eta Ategorrietako erlojuaren parean guardia zibilak tirokatu eta 7 hildako eta hamarnaka zauritu utzi zituen.

1931n, Pasaiako arrantzale eta marinelak lan baldintza gogorretan eta bizi kalitate oso eskasarekin bizi ziren. Egoera horren aurrean, grebara jo zuten baldintza hobeak eskatzeko. Maiatzaren 26an, manifestazio bat abiatu zuten Donostiara, baina probintziako gobernadoreak agindutako segurtasun dispositiboaren ondorioz bertan behera geratu eta hainbat kide atxilotu zituzten.

Hurrengo egunean, maiatzaren 27an, 2.000 pertsona inguruko mobilizazio baketsua abiatu zuten berriro Donostiarantz, Pasaiako arrantzale eta marinelak bizi zuten egoera herritarrei ezagutarazteko, ‘Askatasuna gure kideentzat’ eta ‘Ogia gure seme-alabentzat’ bezalako aldarriekin. Mobilizazioa Ategorrietako erlojuaren parera iritsi zenean, pasatzen ez uzteko aginduarekin, Guardia Zibilak tiro egin zuen manifestarien aurka. Erasoaren ondorioz, zazpi lagun hil eta hamarnaka zauritu zituzten.

Urtero bezala, Pasaiako Udalak gertakaria gogoratu nahi izan du eta goizean omenaldia eta lore eskaintza egingo dute oroitarriaren aurrean. Ekitaldian, Nora Gondat artista antxotarrak urteurrenerako prestatu duen sorkuntza artistikoa aurkeztuko dute ere: sarraskiaren biktimak eta haien izenak islatzen dituen murala.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista