Skip to main content
1200x90 Noticias de Gipuzkoa

Zaintza Araba kalitatezko zaintza sistema publikoa aldarrikatzeko atera da kalera

Gizartea

2024, aza. 18 - 11:11

Zaintza Araba mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntzeko elkartea kalera atera da, kalitatezko zaintza sistema publikoa aldarrikatzeko. Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan bildu dira, "Beste zaintza eredu bat posible da: Zaintza publikoak eta duinak' lelopean.

Arabako zaintza sisteman gertatu diren aldaketak honen arazoak eta gabeziak ez dituela konpontzen salatu du elkarteak. Izan ere, Foru Aldundiari zerbitzuaren pribatizazioa sustatzea leporatzen diote. Ziurtatu dutenez, mendekotasuna duten adinekoak artatzen dituzten lurraldeko hainbat egoitzak ez dute plantilla nahikorik, eta senideen eta hurbilekoen parte-hartzea ukatzen dute, beste hainbat arazoen artean.

Gauzak horrela, zaintzaren sektorea negoziotzat hartzeari uztea eta zerbitzua erabat publikoa bihurtzea eskatu du berriro Zaintza Arabak. Elkartearentzat hau da, hain zuzen, jarraitu beharreko bide bakarra erabiltzaileek kalitatezko zaintza jaso dezaten eta langileek baldintza duinetan jardun dezaten.

Hamaika Telebista