Gipuzkoako txirrindulariak Donostian mobilizatu dira
Kirola
2024, urr. 14 - 14:10
Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko lehengo zuzendaritzako kideek manifestazio jendetsua gauzatu dute urriaren 13an, Donostian. Euskal Herri osoko txirrindularitza talde eta federazioetako kideak elkartu ziren bertan. Arazoak Gipuzkoako txirrindularitzari gehien bat eragiten badio ere, lasterketa gehienak bertan antolatzen dira, ondorio zuzena pairatuz gainerako herrialdeek. “Konponbidea, txirrindularitzaren eskubideen alde” lelopean, harrobiko txirrindularitza lasterketak “normaltasunez” antolatu ahal izatea aldarrikatu dute manifestalariek. Jaurlaritzak, Eusko Legebiltzarrean mahai eragile bat eratzeko asmoa adierazi badu ere, aurrerapausorik ematen ez dela salatu dute. Trafikoko sailak, lasterketak antolatzeko eta lehiaketa-egutegia aurrera ateratzeko jarritako trabak izan ziren, hain zuzen ere, lurralde federazioko zuzendaritzak irailean dimisioa aurkeztea eragindako arrazoi nagusia. Hau salbuespen bat izan ez zela aitortu dute federaziotik. Hala nola, aurtengo denboraldi hasieran, egutegi zein lasterketak onartu bazizkieten ere, udan sartzearekin batera arazoa berriz ere itzuli egin zen.