Neska futbolari baten eskultura jarri dute Bilbon, Txapeldunen Ligako finalari ongi etorria egiteko
Kirola
Maiatzaren 25ean jokatuko da San Mamesen emakumezkoen Txapeldunen Ligako finala, eta jada abiatu dituzte horri begira egingo diren ekitaldiak. Asko dago jokoan kanpainaren aurkezpena izan da lehena. Izan ere, emakumezkoen futbolaren ikusgarritasuna bultzatzeko ere baliatu nahi dute finala. Horri lotuta, Nahia izeneko neska futbolari baten eskultura jarri dute, San Mames atarian, Jose Angel Iribarrenaren parean. Ekitaldian izan da eskulturan irudikatu duten neskatoa, eta argi aldarrikatu du: «Nik ahal dut; guk ahal dugu». Berdintasunaren ikur izan nahi du eskulturak, eta emakumezkoen futbolak aldarrikatu nahi dituen balioena: inklusioa eta aniztasuna besteak beste.
Helburua da emakumezkoen Txapeldunen Ligako final batean izan den zale kopurua gainditzea. Egungo marka 50.221 ikuslek ezarri zuten, 2012an, Municheko olinpiar estadioan, Lyonek eta Frankfurtek jokatutako finalean. Garaikur gehien duten bi taldeak dira. Frantziarrek zortzi dituzte, eta alemaniarrek, lau. San Mamesen 53.331 ikusle kabitzen dira, eta 2018an izan zen sarrerarik onena. 52.282 zale bildu ziren errugbiko Txapeldunen Ligako eta Europako Ligako finalak ikustera.
Final-laurdenetan dago egun txapelketa, eta hauek dira kanporaketak: Brann Kvinner-Bartzelona, Ajax-Chelsea, Hackken-PSG eta Benfica-Lyongo Olympique. Bi aste barru jokatuko dituzte joaneko partidak.