Culinary Zinemak Asia eta Latinoamerikara bidaia gastronomikoa egingo du bost estreinaldi proiektatuz
Kultura
Ane Garitaonandia
Zinema eta gastronomia uztartzen dituen Zinemaldiaren zikloaren hamaikagarren edizioan bost film proiektatuko dira, guztiak mundu mailako estreinaldiak, eta ondoren, pantailan agertu den gaiari lotutako afaria izango da, 40-60 lagunek gozatu ahal izango dutena.
Zinemaldiaren 70. edizioan 'Mibu. The Moon on a Dish', Japoniako jatetxe ospetsua sakon ezagutzeko aukera izango da. 'Virgilio' filmak, Limako Central jatetxeko sukaldariaren erretratuak, emango dio amaiera sailari. Sailak, halaber, hirugarren dokumental bat – 'La Huella, hondartzako ostatu baten historia'– eta bi fikzio –'Xiao shan he' eta 'Tsuchi wo kurau junikagetsu' – ere bilduko ditu.
Hautatutako filmek Asia eta Latinoamerikara eramango gaituzte, bertako gastronomiaren aberastasuna erakutsiz. Culinary Zinemak kultura, artea eta gastronomia uztartzen dituen “esperientzia bakarra” izango dela azaldu du Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariak.
Ikus-entzunezko horien emanaldiez gain, horiekin zerikusia duten bost afari tematiko ere egongo dira. Afari tematikoak irailaren 19tik 23ra izango dira, Basque Culinary Centerren; emanaldi eta afarietarako sarrerak irailaren 2an jarriko dituzte salgai, 10:00etan