Donostiako Literaktum literatura jaialdiak 70. edizioa ospatuko du 14tik 27ra
Kultura
Donostia Zinemaldia 70. ediziora heldu da eta urteurren hori aintzat hartuta, Literaktumek literatura eta zinema izango du ardatz aurtengo edizioan. Hilaren 14tik 27ra egingo dute jaialdia, Donostian. Film bihurtu diren eleberriek hartuko dute zentralitatea jardunaldian; hainbat galdera erantzuteko bide izan nahi lukete jardunaldiek: eleberri bat film bihurtzearen irabazi eta galerak zeintzuk diren aztertzea, eta ea kasu denetan nobela beti hobea den zehaztea, esaterako.
Edizio honetan idazleak, gidoilariak eta zinema zuzendariak izango dira, literaturaz eta zinemaz eta bien arteko errealizazioaz hitz egiteko. Lehenengoen artean, ibilbide luzea duten Eduardo Mendoza eta Lorenzo Silva idazleak izango ditu , baita Jesús Carrasco edo Virginia Feito ere, idazle gisa estreinatu berri dena 'La señora March' lanarekin.
Bi idazleren jaiotza urteurrenak ere ekarriko dituzte gogora, 150 urte baitira Pio Baroja jaio zela, eta mende bat igaro baita Juan San Martin sortu zenetik. Diziplina ugari landuko ditu egitarauak, tartean izango baitira erakusketak, antzerkiak, bertso saio literarioak eta errezital musikatuak.