Filmazpit programak 3 film berri gehitu ditu katalogoan, zinema euskarazko azpitituluekin sustatuz
Kultura
Euskarazko azpitituludun zinema sustatzea helburu duen Filmazpit programak bere katalogoa zabaldu du hiru obra berrirekin. Zineuskadik kudeatutako ekimen honek, Euskadiko Filmategiaren lankidetza eta Eusko Jaurlaritzaren finantziazioa duenak, dokumental bat eta bi drama sozial gehitu berri ditu. Jatorrizko bertsioan erakutsiko diren kalitatezko lanak dira, eta publiko zabalari zuzenduta daude. Nazioarteko hainbat jaialditan hautatutako filmen eskaintza hau kultura-, gizarte- eta hezkuntza-zentroei zuzenduta dago. Irabazi-asmorik gabeko proiekzioak egiteko baldintza dute, eta horren truke ez dute kosturik jasan beharko.
Lan berriak
Katalogoari gehitutako hiru lan berrietatik lehena For Sama (2019) dokumentala da. Hain zuzen, Siriako iraultzaren eta geroko gerraren izugarrikeriak erakusten dizkigu bere zuzendariaren begien bitartez, lehen aldiz haurdun dagoela. Alabari bidalitako gutun hunkigarri honetan, Waad Al-Kateab-ek ulertzen ez duen gerraren gogortasuna familien samurtasun eta maitasunarekin kontrajartzen du;bere familian eta erresistentzian sortzen denarekin. Kontakizun gogorra baina, aldi berean, itxaropentsua.
Gaur egungo Gazako gerra hasi aurretik grabatutako Gaza Mon Amour (2020) filma umorearen eta dramaren artean dabil. Nahiz eta etsaitasun-ingurune batean bizi, Nasser anaiek giro intimoa eta egunerokoa lortzen dute salbuespen-egoeraren erdian
bi pertsona helduren arteko maitasun-istorioa kontatzen digutenean. Fantasia ukitu bat da istorio honen eragilea, eta irribarre eginaraziko die ikusleei. Beste maitasun istorio bat aurkezten digu Kokonek (2020) filmak, baina oraingoan nerabe batzuen lehen maitasuna erakusten digu. Leonie Krippendorf alemaniarraren film honek udan murgiltzen gaitu, non Norak sexualitatea eta maitasuna deskubritzen dituen. Beroak eta harreman sozialek bere krisalidatik ateratzera eramango dute, nerabezaroaren berezko gatazka eta kontraesanekin. Izan ere, nerabe garaiak, gaur egungoa izan arren, beti du osagai unibertsala.