Skip to main content

Gasteizko Blusa eta Neska kuadrillak paseillo bakarraren aurka agertu dira

Kultura

Maite de Felipe eta Mikel Lopez de Ciordia

2026, Maiatza 09 - 09:05

Blusa eta nesken paseilloak Gasteizko jaietako tradizio zaharrenetariko bat dira, eta Andra Maria Zuriaren jaien jatorri herrikoiarekin lotura zuzena dute.

XIX. mendearen amaieran, hiriburuko jaietan, Gasteizko gazte taldeak elkarrekin joaten ziren zezen plazara. Normalean, arropa ez zikintzeko, Arabako nekazari eta langileen laneko blusa tipikoak erabiltzen zituzten. Gaur egun ere, arropa horiek dira Blusek eta Neskek erabiltzen dituzten arropak. Gazte talde horiek, apurka-apurka batuz joan ziren, eta gaur egun ezagunak diren kuadrilla horiek sortzen hasi ziren. Blusa eta neska kuadrillek hiriko erdigunea zeharkatzen dute musikaz lagunduta, eta jende ugari ibilbidea ikustera gerturatzen da. Bi paseillo egiten dira: bata arratsalde hasieran eta bestea arratsalde amaieran.

Lehenengo urteetan kuadrillak txikiak ziren eta gizonek bakarrik osatzen zitutzen. Urte batzuk igaro ostean, emakumezkoenak ere sortu ziren, eta, gaur egun, jada, gehienak mistoak dira, nahiz eta honek tirabirak sortu dituen batzuren artean.

Urteak igaro ahala kuadrilla gehiago sortu ziren eta arazoak ere agertu ziren. Izan ere, 2016an bi multzo sortu ziren: batetik, Blusa eta Nesken Batzordea, eta bestetik, Federazioa. Azaldu zutenez, arrazoia, jaietan gertatutako eraso sexista baten ondoren paseilloa nola garatu behar zen eztabaidatzea izan zen. Gatazka handia sortu zen, eta gaur egun ere Blusak eta Neskak bi multzo horietan banatuta jarraitzen dute. 2024an, Gasteizko Udalak bitartekaritza bultzatu zuen bateratzea lortzeko, baina ez zuen lortu.

Horiek horrela, gaur egunera arte bi multzo hauek paseillo desberdinak egin izan dituzte. Baina aurten badirudi gauzak aldatuko direla. Zein da horren arrazoia eta zeinek bultzatutako neurria da? Bada, Gasteizko Udalak eta Udaltzaingoak proposatutako neurri hau paseillo bakarra egitean datza, bi egin beharrean, hau da, bat arratsalde hasieran eta bestea amaieran. Azaldu dutenez, arrazoia nagusia hiriko erdigunearen antolakuntza eta segurtasuna bermatzea da. Euren hitzetan, “ekitaldia oso luzea eta masiboa da, trafiko eta larrialdi arazoak daude eta dena eremu kontrolatuago batean batzea bilatzen da”.

Beraz, dirudienez, aurreko urteetan egiten zen ibilbidea aldatu egingo da, eta Federazioak eta Batzordeak ibilbide bera egingo dute. Horren ondorioz iraupena ere luzatuko da; aditzera eman dutenez hiru ordu inguru iraungo baitu.

Neurri hau ez zaie batere gustatu Blusa eta Neska kuadrilla gehienei. Batzuek ezohiko bilerak deitu dituzte alternatibak eta irtenbideak aztertzeko. Esaterako, Basatiak kuadrillak aurtengo San Prudentzioko jaietan pankarta batean paseillo bakarraren aurka daudela ohartarazi zuten. Hori gutxi ez eta, “ohiko kalejirak bueltatu gasteiztarroi” bezalako aldarrikapenak oihukatu zituzten. Martinikos kuadrillak ere jarrera horrekin bat egin du sare sozialen bitartez.

Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak azaldu duenez, “neurria ez da inposaketa”, eta azpimarratu du “ekarpenak baloratuko dituztela eta akordio batera heltzen saiatuko direla”.

Laburbilduz, oraindik ez dago argi zer gertatuko den aurtengo Gasteizko jaietan, baina Udalak argi dauka “ezinbestekoa” dela paseillo bakarra izatea. Oraindik argitzeke dauden kontuak beraz, ibilbidea eta ordutegia dira.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista