Kerobia: ‘Misio bakarra emanaldietan eta gure musikarekin denok ondo pasatzea da’
Kultura
Ane Garitaonandia
Kerobia taldea bueltan da. Pasaden urtean 20 urteko bira burutu zuen talde nafarrak eta hori pizgarria izan zen taldea berriz batzeko eta 8 urteko isilunea apurtzeko.
Xabi Bandinik taldeko ahotsak eta gitarrak azaldu duenez, orain dela 8 urte nekatuta zaudelako eta "magia galdu" zutelako banatu zen taldea. Hala ere, azken urteetako aldaketak tarteko, Kerobiak musika egin eta istorio bat kontatu nahi zuela azaldu du. Gauzak horrela, bueltatzeak merezi zuela konturatu ziren, eta euren helburu bakarra "denok ondo pasatzea" dela azaldu du. "Emanaldietara hurbiltzen direnak balore batzuen inguruan etortzen dira" gehitu du, "oso emozionantea da kontzertu batean gora bizitza garrasi egiten dugunean mundu guztiak gora bizitza esatea, hitzez esaten ez badugu ere batak besteari zu ez zaude bakarrik esaten dio”.
Taldea eraberritu, eta musikari berriekin Kerobiak aurrera egin du eta bide horretan 'Hilak' diskoa kaleratu zuen 2021 urteko Durangoko Azokan. Musikalki aurretik egindako bidean sakontzen du taldeak disko berrian, oinarrian, rock giroak eta pop melodiekin osaturiko kantu ederrez. Disko honetan betiko Kerobia dago, eta eletronikaren aldetik, norabide berriak ere aurki daitezke. ‘Hilak’ diskoan 8 kantu biltzen dira, eta kantuetan historia bat kontatzen du taldeak. Hitzetan espazioan galdu diren espaziontzien gertatzen dena kontatzen dute.
Diskoa kalean, zuzenekoak eskaintzeari ekingo dio taldeak:
- Bilbon, martxoaren 12an.
- Andoainen, martxoaren 18an.
- Ondarroan, martxoaren 20an.
- Iruñean, apirilaren 8an.
- Gasteizen, apirilaren 9an.
- Donostian, apirilaren 23an.
'Musika Zuzenean' saioa ostegunetan izaten da ikusgai, 20:15ean eta 22:00etan Hamaika Telebistan eta hamaika.eus-en.
Erreportaje osoa ikusgai, hemen.

















