Skip to main content

Maiatzaren 6tik 15era ospatuko da, Pantailak Euskarazek antolaturik, bigarren Pantailaldia

Kultura

2025, api. 08 - 13:04

Euskaraldiaren testuinguruan antolatu den ekimen honek helburu bikoitza izango du: batetik, euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatzea, eta bestetik, pantailen munduan euskarak dituen gabeziak agerian utziz erakundeak euskararen aldeko pausoak ematera gonbidatzea.

'Euskaraz ikus-entzunez egingo dugu!' izango du aurtengo leloa. Mota guztietako pantailetan (Telebista, streaming plataforma, zinema, sare-sozial, bideo-joko) euskarazko edukiak erabili, kontsumitu, edo sortzeko erronka da Pantailak Euskarazek herritarrei luzatu diena: alegia, hamar egunez, pantailetan ere, euskaraz bizitzeko erronka. Edozein herritarrek izango du #PANTAILALDIAn parte hartzeko aukera. Herritarrei erronka bete eta sare sozialetan pantailaldia traola erabiliz haien bizipenen berri ematea eskatuko zaie. 

2022an ospaturiko lehen edizioan 500 herritarrek eman zuten izena, eta ondoren egindako ikerketak erakutsi zuen horietatik %77k euskarazko baliabide berriak ezagutu zituela, eta %64ak edukiak sortu eta kontsumitzerakoan zituen hizkuntza ohiturak aldatzeko balio izan zuela.

Izena emateko, pantailakeuskaraz.eus orrialdean egin daiteke eta epea Maiatzaren 6ra arte egongo da zabalik a. Formularioan datuak bete eta bidaltzea besterik ez da beharko.

Parte-hartzaile orori, #PANTAILALDIA hasi aurretik, profil-irudi, Euskarazko ikus-entzunezko baliabide digitalen zerrenda, eta agenda proposamen bat bidaliko zaie, erronka hori errazago betetze aldera.

Euskarazko hedabide digital askoren babesa du Pantaialdiak tartean Hamaika Telebistarena. Urte osoan zehar euskara hutsezko edukiak eskaintzen ditu Hamaikak, zuzenean eta nahieran.  Maiatzaren 14an gainera, Urak eginen du bide euskarak pantailetan dituen erronkei buruzko dokumentala eskainiko du Hamaika Telebistak gaueko 22:00etan.

Hamaika Telebista