Mexikoko Armadak eta Polizia Federalak Fermin Muguruzaren kontzertua eten dute Mexiko Hirian
Kultura
Fermin Muguruza musikari euskaldunak ostiral gauean Mexiko Hirian eskaintzen ari zen kontzertua indarrez eten zuten Mexikoko Armadak eta Polizia Federalak. Autoritateek argudiatu dute beharrezko baimenen bat falta zela eta lokalaren edukiera gainditu zela.
Foro Alicia aretoan izan zen kontzertua, Ferminek kontzertu asko emanak ditu toki autogestionatu horretan. Kontzertua hasita abisatu zuten kanpoan 200 soldadu inguru zirela, polizia nazional eta prest zeudela barrura sartzeko eta eten egin behar zutela kontzertua. Kontzertua eten zutenean, Muguruzak eta Ignacio Pineda aretoaren kudeatzaileak hartu zuten hitza, eta biek egin zuten lasaitzeko deia, istilurik izan ez zedin.
Ferminek berak sare sozialetan azaldu du, zorionez ez zela ezer gertatu baina egoera oso tinkatuta zegoela, militar eta poliziak armak eskuetan. Probokazio bezala ulertu zela azaldu du eta ez dakitela norena den erantzukizuna. Bertako alkateak idatzi die esanez berak ez zekiela ezer operatiboaz. Mexikoko Gobernuak hitzeman du ikertu egingo duela nork eta zergatik agindu duen Fermin Muguruzaren kontzertua geldiarazteko.
Bertan bildutako publikoak eta askotariko kolektiboek elkartasuna adierazi diote Muguruzari, eta sare sozialetan zabalkunde handia izan du gertakariak, kultur adierazpen askatasunaren aurkako eraso gisa ulertuta. Muguruzak eskerrak eman dizkie elkartasun mezuak igorri dizkieten guztiei.
Amerikako itzulia bukatuta, ekainaren 7an Erroman arituko dira, hilaren 14an Donostian jo aurretik.