Atorrek eta lamiek kantuz eta dantzaz hartu dituzte Mundakako kaleak
Kultura
Inauteri edo aratusteetako igandeak urtero zeresan handia dauka Mundakarrentzat. Gizon, emakume eta haur guztientzat urteko egun itxaroenetariko bat izan ohi da, non kanturik eta dantzarik inoiz falta izan ez diren.
Goizean herriko gizonak, “atorrak” deituak eta hala jantziak, zuriz janzten dira goitik behera eta aurpegiak margotu negar tanta eta musika notekin. Kantu-kantari aritzen dira herriko kaleetan zehar, gitarrak eskuan harturik. Dakitenez, udaletxean 1840ko gutun bat azaldu zen non “atorrak” hainbat mendez Mundakako kaleetan barrena ibili direla adierazten duena.
Goiza gizonena delarik, arratsaldea, emakumeena da. Lamiena hain zuzen. Janzkera guztiz kontrakoa erabiltzen dute hauek, aurpegiak guztiz margotuta eta janzkera beltzarekin. Herriko kaleetatik abesten ibiltzen diren arren, garraxi eta dantza ugari ere egiten dituzte. Hauen kasuan, ospakizun berria dela esan daiteke, duela 40 bat urte emakume talde batek hasitako ohitura hain zuzen.
Talde biak, talde bakoitzeko zuzendari batek gidatuta aritzen dira abesten eta dantzatzen, haien papera taldekideak motibatzeaz gain ikuskizuna eskaintzea ere bada. Bizkaiko inauterietako ospakizun berezienetakoa izan ohi da Mundakako ator eta lamiena, baina herriak ere ez du mozorrotzeko aukerarik galtzen.