Skip to main content
1200x90 Zama Doinuz Arindu

Tabakalerak ateak ireki ditu abenduaren 13 eta 14an

Kultura

2024, abe. 16 - 13:12
Abenduaren 13an eta 14an, Tabakalerak ateak ireki ditu normalean itxita dauden ateez bestalde gertatzen dena bistaratzeko. Asteburuan zehar edonork aukera izan du kultura garaikideko zentroaren txokoak arakatzeko, Artisten Gunea eta bertako egonaldi-programari esker lanean ari diren sortzaileen jarduna ezagutzeko eta askotariko ekintzetan parte hartzeko. Erakusketetatik hasi eta sorkuntza-tailerretaraino, bertako eta nazioarteko artistekin hitzaldiak, zuzeneko ikuskizunak eta askoz aukera gehiago ere egon dira. Ate irekien asteburuak Tabakalera definitzen duen mundu artistiko eta kulturalaren ikuspegi osoa eskaini du bi egunetan zehar. Ostiraleko jarduera-programa Elías Querejeta Zine Eskolan hasi da bertako ate irekien jardunaldiarekin. Arratsaldean, Tabakalerako Artisten Guneak ateak ireki ditu bertako artista egoiliarren estudioak bisitatzeko parada eskainiz. Ate irekien bi egunetan, publikoak gune horretan lanean ari diren artistak ezagutzeko aukera izan du, bai eta egonaldi-programen bidez garatzen ari diren proiektuak ere. Programa propioak zein beste erakunde batzuekin elkartrukerako edo lankidetzarako proiektuen emaitzak aurkeztu dira. Abenduaren 14an, larunbatean Eginzaleak! 2024 "egitearen" kulturari buruzko topaketa izan da, non teknologiaren, sormenaren eta ezagutza partekatuaren inguruko lankidetza praktikak biltzen diren urtero. Tabakalerako zinemak ere bat egin du Ate Irekien asteburuarekin, zinema ikasleen lanak ikusteko saio berezia eskainiz. Nest 2024 topaketaren film labur irabazlea ikusteko aukera egon da eta aurtengo edizioko making of-a ere aurkeztu da. Guzti hau musikarekin girotuta egon da DJ N4JU, Putas Amak eta LaMia Mariren emanaldiekin.
Hamaika Telebista