Skip to main content

Urtarrilaren 22tik 24ra ospatuko da Huhezinema film laburren jaialdiaren 18. edizioa

Kultura

2025, urt. 20 - 08:01

Huhezinema euskal film laburren jaialdia urtarrilaren 22tik 24ra ospatuko da Aretxabaletako Arkupe zentroan. Jaialdiaren 18. edizioan aurkeztutako 94 lanetatik, 29 izan dira finalera iritsi direnak. Lan horiek sail ofizialaren, ikasle sailaren eta bideoklip sailaren proiekzioetan ikusteko aukera izango du ikusleak. Eta proiekzioez gain, bestelako hainbat jarduera egingo dira Huhezinema jaialdian asteazkenetik ostiralera, hala nola, zinemagintzarekin lotutako solasaldiak zein masterclassa eta Lemak taldearen kontzertua.

Urtarrilaren 22an hasiko da jaialdiaren programazioa Aretxabaletako Arkupe Aretoan 11:00etan, 'Andrak Erramutan' dokumentalaren proiekzioarekin eta protagonisten solasaldiarekin hain zuzen. Aurtengo edizioan Ana Goitia izango da Sail Ofizialeko aurkezlea eta Jon Castañeda Bideoklip Sailekoa. Ikasle Saila Xuban Garmendia eta Oier Gastesi ikus-entzunezko ikasleek aurkeztuko dute. Aitor Oñederra arte eszeniko,zinematografiko eta musikaletarako animazioen sortzailea, Maitane Carballo soinu espezialista, film-muntatzailea eta zuzendaria eta Katty Pochelu iazko Huhezinema irabazi zuen film laburraren ekoizlea izango dira epaimahia osatuko dutenak.

Aurtengo edizioan, euskararen presentzia, emakumeen partaidetza eta landutako gaien aniztasuna nabarmendu dute antolatzaileek. Izan ere, adierazi dutenez, aukeraketatik kanpo geratu diren hainbat lan egitarauaren eta espazioaren limitazioengatik ez dira programazioan sartu. Hala ere, aukeraketarekin pozik daudela azpimarratu du antolakuntzak. Mondragon Unibertsitateko Ikus entzuneko komunikazioko ikasleek antolaturiko Huhezinema jaialdiak etorkizuneko euskal zinema sustatzea du helburu, sortzaileen lan berriak eta sortzaile berrien lanak ikusleari helaraziz.

Hamaika Telebista